Mikromatxismoen arrastoan

Iturria: AIZU! AEKren aldizkaria

Indarkeria-maila txikiko erasoak, asmo txarrik gabekoak, eguneroko jarrera matxistak, oharkabean pasatzen direnak… ez da erraza mikromatxismo hitza definitzea.  Hitza, berez, Luis Bonino psikologoak 1990ean egindako ekarpen teorikoa da, tratu txar fisiko edota oso irain zehatzak ez diren bestelako jarrera batzuk izendatzeko. Boninok, beste mota bateko gehiegikeriak identifikatu nahian, adierazi nahi izan zuen ez dela beti egoten eraso edo mespretxu argirik, baizik eta badirela beste era bateko jokaera matxistak ere: gizonak etxeko lanen ardura ez hartzea, emakumeak egingo duelako; paternalismo kutsua duten komentarioak; gizonezkoak, emakumea oso txarto tratatu gabe, haren autonomia eta autoestimua murrizten dituzten jarrerak edukitzea… Alabaina, ondoko hiru testigantzek islatzen duten moduan, gaian adituak ere ez dira guztiz bat etortzen askotan. Eñaut Mitxelena, M. Egimendi, Arkaitz Almortza.

 

ibon

“Matxismoaz ezer jakin nahi ez duen jende pila bat erakarrita sentitzen da mikromatxismoa entzutean”

Berdintasunerako eragilea da Ibon Arrizabalaga de Mingo (Orio, 1973), eta Arremanitz kooperatibako kide. Sexuen aniztasuna, parekidetasuna eta tratu onak sustatzen dituzte Arremanitzeko kideek eta, horretarako, hezkuntza komunitateko eragile guztiekin lan egiten dute: ikasleak, gurasoak, irakasleak, herri eragileak… Gizon taldeekin ere aritzen da.

Arrizabalagak ez du gustuko matxismoari mikro aurrizkia ipintzea. Beraren ustez, oharkabean pasatzen diren jarrera matxistek ez dute deus mikrotik, matxismo hutsa dira: “Gaur egun ukatu egiten da matxismoa dagoenik; esaten digute berdintasunean bizi garela. Hortaz, matxismoa ukatzen den neurrian, ez da ikusten. Badago, baina ez da ikusten. Ondorioz, eguneroko jarrerak ez dira matxistatzat hartzen. Tabernetan neskei ipurdia ukitzea ez dute jarrera matxistatzat jo-tzen batzuek. Hori zer da, mikromatxismoa  edo matxismo hutsa eta bortizkeria fisiko eta sexuala?”. Arrizabalagaren aburuz, hortxe dago gakoa: “Ikusten ez badugu, mikromatxismoa da? Edo trebatu beharra dugu ikusten jakiteko mikromatxismoak iruditzen zaizkigun horiek zein handiak diren eta zer nolako konnotazio zabalak eta irismen luzekoak diren?”.
Mikromatxismo kontzeptua “modan jarri” dela iruditzen zaio. “Kuriosoa da, matxismoaz ezer jakin nahi ez duen jende pila bat, mikromatxismoa entzutean, zerbaitek erakarri egiten du. Ez dakit den ikusezintasun horrek misterio puntua daukalako edo, mikro denez, uste dutelako nork bere matxismoa kudea dezakeela. Hau da, ni matxista naizela esatea ez nuke onartuko, baina pentsa dezaket jarrera mikromatxista batzuk ditudala esanda barkatu egingo didatela”. Horrenbestez, matxismoa ukatzeko bidea izan daiteke mikromatxismo kontzeptuaren hedapena: “Iritsi gara pentsatzera matxismoa eskuindar atzerakoi zaharkitu batzuen kontua dela. Gu ez garenez horiekin identifikatzen, pentsatzen dugu  gure gizartean ez dagoela matxismorik, ez bada halako elementu desatsegin batzuen kontua. Horrela ukatzen dugu gizarte matxista honetan hezi garen neurrian gizonak eta emakumeak matxistak garela, hots, jarrera, uste eta aurreiritzi matxistak ditugula. Matxismoa ez dago hor kanpoan, gutako bakoitzaren barru-barruan baizik”. Egoera hori aldatzeko,  “ez da nahikoa pankarta baten atzean jartzea edota militantzia. Hori ere beharrezkoa da, noski, eta beharrezkoa da gizarte mugimendu indartsua gizartean gauza batzuk ikus arazteko, lege batzuk aldatzeko eta aldarrikapen batzuk gauzatzeko. Baina horrek ez du kentzen nork  bere baitan egin beharreko lana”.
Hain zuzen, horixe egiten saiatzen da Arrizabalaga gizonekin han-hemenka zuzentzen dituen gizon taldeetan. “Guneak behar ditugu halako barne ikuskaritza egiteko elkarrekin, bakarka oso zaila baita”. Izan ere, matxismoak gizonengan ere eragiten du. “Gizonok biktimak garela esatea okerra da. Matxismoak eraildakoak dira biktimak. Emakumeak dira egunerokotasunean sexismoaren zama gordinen pairatzen dutenak.  Halere, beste maila batean, gizona naizen aldetik, matxismoak neu ere baldintzatzen nau”.
Bizi garen gizartean, gizontasuna jarrera jakin batzuekin lotzen da. Mendez mende, eta gaur egun modu sotilagoan, “zapaltzaile rola jokatzeko prestatzen gaituzte. Horrek berarekin dakar gure sentiberatasunaren zatirik handiena kamustu beharra, giltzapetuta utzi beharra”. Horren ondorioz, zail deritzo gizonak “horrelako zerbaitetarako” elkartzeari. “Gizonok elkartzen gara jateko, edateko, barrabaskeriak egiteko… Sentitzeko, ordea, ez;  gizatasunez eta samurkiro elkar hartzeko, ez; gure emozioez aritzeko ere ez…”. Hala, gizonekin lan egiteko orduan, eztabaida eta norgehiagoka kanpoan utzita “beste inon topatzen ez duten giroa sortzeko ahalegina egiten dut, elkarrengandik ikasi eta elkarri lagun diezaiogun. Zeren gizon taldean biltzen bagara hortik kanpora jokatzen dugun modu berean jokatzeko, ez du ezertarako balio”.
Beharrezkoa ikusten du gizonak halako lanketetara hurbiltzea. “Ez da erraza gizonak parekidetasunaren bidean antolatzea. Horrek ez du kentzen gero eta gizon gehiago daudela egoera parekideagoak onartzeko prest”. Haatik, “oraindik oso gutxik ematen dute onartzetik lanketa hori norbere baitara ekartzeko pausoa. Baina, dena den, gero eta gehiago dira”.
Gizakiok barne-barnean finkatuta dugun mundu-ikuskera sexista eraitsi behar dela argi du. Lan horretan, feminismoa da aitzindaria, “dudarik gabe. Feminismoa ikuspegi erabat lagungarria da. Askapen mugimendu guztietatik daukagu zer ikasi. Esaterako, baita les-gay-trans-bi-queer mugimendutik ere. Bide horretan, parekidetasunaren aldeko gizonen mugimenduak ere egin du ekarpenik”. Azken batean, auziari modu holistikoagoan begiratu behar zaiola uste du: “Ez da posible izango sexismoarekin bukatu baina arrazakeria hor egotea, edo klase banaketa, edo homosexualen zapalketa… Sexismoa erauziko badugu, zapalketa guztiekin bukatu beharko dugu”.

june

“Mikromatxismoak? Eguneroko jarrera matxistak”

June Fernandez (Bilbo, 1984) kazetari feminista Pikara Magazine aldizkari digitalaren zuzendaria da. Beste hainbat komunikabidetan ere kolaboratzen du, Argia aldizkarian, besteak beste, betaurreko moreak jantzita beti, genero ikuspegia lantzen.

Mikromatxismoez jardutean, Fernandezen aburuz, “egokiagoa da ‘eguneroko jarrera matxistak’ esatea, oharkabean pasatu arren egunerokoak eta larriak direlako”. Jarrera horiek bere lanbidean ere oso nabarmenak ei dira: “Kazetari emakumezkoa eta gaztea izanda, oso zaila da gizonezkoen errespetua lortzea. Sare sozialetan iritzia ematean, gure aurkako irainak guztiz matxistak izaten dira sarri. Gizonen kontrakoek, aldiz, gaiarekin zerikusia izan ohi dute, baina emakumeei begirakoak itsusia, lesbiana eta puta dira ohikoenak, nahiz eta niretzat horiek ez diren irainak. Emazte guztiok bizi ditugu horrelako gehiegikeriak egunero, baina ez da asko hitz egiten horiez. Jendarteak indarkeria matxistaren kontrako konpromisoa har dezan, ordea, garrantzitsua da onartzea hori egunero gertatzen dela”.
Hizkuntzaren erabilera desegokia ere aipatu izan da askotan. Fernandezen ustez, “gure gizartearen androzentrismoa hizkuntzan ere islatzen da. Gaztelaniaz askoz ere nabarmenagoa da, genero markengatik, baina euskaraz, hizkuntza bera baino, erabilera da arazoa. Adibidez, aitona-amona bezalako hitz elkarketetan, beti jartzen da gizona aurretik. Androzentrismoa barne-barnean sartua dugu, oso errotua. Hizkuntza guztietan gertatzen da emakumeak gehiegizko konfiantzaz tratatzea ere. ‘Los hombres del Athletic y las chicas del Athletic’ esaten da; edo politikari gizona abizenaz izendatzen da, eta emakumea, ostera, izenaz”.
Jarrera horiei dagokienez sektore ahulagorik ba ote dagoen galdetuta, Fernandezek uste du “talde zehatzetan baino, gakoa botere harremanetan” dagoela: “Gizona adindua bada eta emakumea gaztea, askoz ere errazago agertzen dira jarrera matxistak. Halere, adibidez, emakume immigranteek lana bilatzeko iragarkia jartzen dutenean, oso ohikoa da sexu kutsuko deiak jasotzea. Sexismoa askotan lotzen da arrazismoarekin, edo urritasun fisiko zein intelektuala duten emakumeekin. Gaztetxoen kasuan, berriz, ikerketa batean ondorioztatu zuten neskek zein mutilek dituztela kontrol jarrerak, baina mutilak konturatu egiten direla eta neskak ez. Esaterako, nesken ustez, konfiantza keinua da mutil-lagunari Facebookeko pasahitza ematea”.
“Bikote heteronormatiboa” osatzen ez dutenek ere izaten dituzte arazoak: “Niri esan izan didate ‘Ze pena lesbiana izatea, hain polita izanda!’. Umea jaiotzen den uneko neska/mutil sailkapenak indarkeria eragiten du. Haur batek belarritakorik ez badu, mutila dela pentsatzen dugu eta, hari buruz hitz egitean, bizia, azkarra… adjektiboak erabiltzen ditugu. Baina neska dela jakindakoan, berehala aldatzen ditugu: polita, printzesa… Hots, emakume edo gizonezko jaio, guztiongan jartzen dira espektatibak, eta horiek urratuz gero, zigorra dator: zuzeneko erasoa, txantxak edota isekak”.
Emakumeek ere badituzte jarrera matxistak: “Emakumeon gorputzaren inguruko komentarioak emakumeon zein gizonen ahotik irteten dira; lodifobia kasu. Halere, bereziki landu behar ditugu gizonezkoen dominazio matxista saiakerak. Oso deigarria iruditzen zait gizonek pentsatzea eskubidea dutela emakume ezezagun bati kalean haren fisikoaren gaineko komentarioa egiteko. Zergatik uste dute egokia dela jarrera hori? Niri kalean gizon batek ‘Kaixo, polita!’ esaten badit, adierazten ari zait ez naizela hiritar bat, baizik eta bere begiak alaitzeko nagoela hor. Kontrol matxistaren jarrera publikoa da hori, eta horrelakoak gizonek egiten dituzte”. Gizonei “hausnarketa” eskatzen die Fernandezek, “pentsa dezatela zergatik sentitzen diren eskubide edo baimen horren jabe. Enpatia ere landu behar dute, askotan gertatzen baita diskoteka batean lagun emakumeekin egon eta gizon bat etortzea ligatu nahian, emakumeak horretarako jarrerarik erakutsi ez arren”.
Jarrera matxista horiek umetatik lantzea ezinbestekotzat jotzen du Fernandezek: “Emakumeok txikitatik bizi izan ditugu jarrera sexistak, beraz, oso garrantzitsua da horiek antzematen jakitea eta aurre egiteko tresnak izatea. Jarrerok eten ezean, indarkeria gero eta larriagoa izango da, jipoia ez da lehenengo urratsa izaten. Bestalde, emakumeok gero eta eremu gehiago sortzen ari gara horrelako bizipenak partekatzeko, askotan gaztetxotan ez garelako ausartzen gertatu zaiguna kontatzera. Partekatzean konturatzen gara ez dela kontu isolatua, emakume guztioi gertatu zaizkigula halakoak”. Hala, “epe luzean bada ere, indarkeria matxistari aurre egitea” lortuko dela uste du Fernandezek.

testi

“Garrantzitsua da ohartzea gure baitan ere egon daitezkeela jarrera horiek, eta aldatu egin daitezkeela”

Jendartean ongi erroturiko errealitatea da mikromatxismoa. “Emakume eta gizon egiten gaituzten eguneroko kontu horiek guztiak dira” iritzi dio Bilgune Feministako kide Oihana Etxebarrietak (Hondarribia, 1987). Indarkeria-maila txikiko erasoak diren arren, “egunaren amaieran eragin handia” izaten dute norbanakoarengan. Horregatik, gaia sakonki landu behar dela deritzo.

Donostiako taberna batean. Neska eta mutil bana elkartu dira zerbait hartzeko. Batak garagardoa eskatu du eta besteak kafea. Zerbitzariak, ohartu gabe, neskari jarri dio kafea eta mutilari garagardoa. Nahastu egin da eta alderantziz atera du eskatutakoa. “Ez da ezer txarra izan, baina eragina izan du”. Etxerako bidean, gizon ezezagun batek piropoa bota dio neskari. Inolako asmo txarrik gabe egin du; aitzitik, neskak ez zuen horrelakorik entzun nahi. Beste behin, emakumea izateagatik pairatu duen egoera bat izan da. “Halako pasarteek eragin handia izan dezakete norbanakoarengan; izan ere, mundu honetan zure tokiak non egon behar duen esaten dizute” azaldu du Etxebarrietak.
Errealitate hori izendatzeko sortu zen mikromatxismo kontzeptua: “Nire ustez, indarkeria-maila txikiko erasoak izanik, ezin ditugu alderatu intentzio argiarekin egiten direnekin. Atzetik dagoen nahia ezagutu behar da, hau da, nahita egin den ala ez. Horregatik, berba horrek hori irudikatzen du, alegia, ez zegoela asmo txarrik, erasoa egon arren”. Dena dela, hainbat ikuspuntu daude izenaren inguruan. Bilgune Feministako kideak azaldu legez, batzuen ustetan terminologia ez da oso egokia, pentsatzen baitute mikro aurrizkiak garrantzia kentzen diola. Iritziak iritzi, zera dio: “Nik uste dut efektua sortu duela izenak. Izan ere, mikromatxismoaz hitz egiten hasi ginenean, jendeak ongi ulertu zuen zer esan nahi genuen horrekin”.
Gizarteko edozein arlotan izaten dira gertakari hauek. “Sistema patriarkalean bizi gara, horrela hezi eta hazi gara” azaldu du. “Nik neuk ere antzeko jarrera izan dezaket, aurretik  zenbait gauza halakoak direla ziurtzat joz gero. Esaterako, mutil bat ikusten dudanean eta neska-lagunik ote duen galdetzen diodanean, aurresuposatzen ari naiz heterosexuala dela. Gure buruan oso errotuta dagoen mundua ikusteko modu zehatz bat da, non gizonak eta emakumeak dauden eta horiek modu jakin batekoak izan behar duten” nabarmendu du. Zenbaitetan, gainera, neskek ere jarrera matxistak izaten dituzte; finean, denak dira sistema beraren seme-alabak. “Guztiei eragin digu honek, emakumeak ez gara irla batean jaio”. Horregatik, zera dio: “Garrantzitsua da ohartzea gure baitan ere egon daitezkeela jarrera horiek, eta aldatu egin daitezkeela”.
Altxatutakoa eraitsi egin daiteke. Bilgune Feministako kideak azaldu bezala, hainbat bide daude arazoari irtenbidea bilatzeko. “Ongi adierazi behar da eraso horrek eragina izan duela zugan, ohitura horiek pixkanaka apurtuz joateko. Adibidez, garrantzitsua da eraso egoera batean zer sentitu dugun adieraztea”. Teknika gehiago ere badaude, hala nola, rola iraultzearena: “Mutil bati egin diodana neska bati ere egingo nioke? Edo alderantziz. Erantzuna ezezkoa bada, pentsatu beharko dugu zergatik egin diogun hori besteari”. 
Bide horretan, Etxebarrietak azpimarratu du garrantzitsua dela egoerak partekatzea. Mikro aurrizkia izan arren, garrantzia du gaiak. Horren adibide dira Bilguneak antolatzen dituen autodefentsa feminista ikastaroak. “Lanketa pertsonalak eta emozionalak egiten ditugu. Askotan, beldurra izaten dugu sentitzen ditugun ezerosotasun horiek sentitzeko eta horrela izendatzeko. Horregatik, ikastaro horiei esker emakume askok bizi izan dutena besteekin partekatu dutenean, gaizki sentitu diren momentutik beraiena ere erasoa izan dela ulertu dute”.
Egoerari aurre egiteko beste giltzarri nagusietako bat hezkidetza da. “Generoen arteko hezkuntza izan beharrean, pertsonen berezitasuna kontuan hartuta herritarrak aukera berdintasunean haziko dituen sistema  da. Oinarria errespetua da, ezberdinen artekoa, eta horien guztien balioespenak  edo onarpenak gizartearen aberastasunean eragiten du”. Bilguneak lan handia egiten du sistema horrekin, eta saioak eskaintzen ditu hezkuntza arautuan.
Gizonen artean ere landu beharreko gaia da: “Eskoletan izan dudan sentsazioa da mutil asko epaituak sentitu direla, eta euren kontra ariko bagina bezala hartzen dute. Finean, gaiak barru-barruan ukitzen gaitu. Beste batzuek, berriz, jarrera irekiagoa izan dute, normalean aurretik egindako lanketa bat egon delako”.
Hori horrela, garrantzitsua da gizartean lanketa sakona egitea. Etorkizunari begira, baikorra da Oihana Etxebarrieta. “Nire esperantza da halako hitz eta ekintzarik gabeko jendartea izango dugula, baina, oraingoz, nire ametsa da gune asko aurkitzea halako berbak alde batera uzteko; bidean gaude”.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión /  Cambiar )

Google photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google. Cerrar sesión /  Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión /  Cambiar )

Conectando a %s