Elkarrizketa: Mikel Otxotorena Fernández

bgizonduz-en argitaratuta

“Garrantzitsua da gizonek beren arduraren, inplikazioaren eta konpromisoaren bidez laneko sexu-jazarpena desagerrarazten aktiboki parte hartzea bultzatzea.”

?

Mikel Otxotorena Fernández. Mikel Otxotorena Fernández. Soziologoa da, On:Giz berdintasunaren aldeko elkarteko eta Berdintasunaren aldeko Euskal Herriko Gizonen Elkarguneko kidea. Horrez gain, aholkulari-lana egiten du beste erakunde, GGKE eta nazioarteko elkarte batzuentzat. Gizonduz programako hezitzailea da.

1.- Mikel, nazioartean, proiektu batean parte hartu duzu, gizonekin laneko sexu-jazarpenaren eta maskulinitate sexistaren arloan esku hartzeari buruzko gida lantzen. Lanaren Nazioarteko Erakundearen (LANE) argitalpen bat da, eta gizonekin maskulinitatea eraikitzea laneko sexu-jazarpena saihesteko bide gisa bultzatzearen garrantzia azpimarratzen du. Konta iezaguzu nola sortu zen ekimen hori, zein helburu dauzka?

LANEk, Erdialdeko Amerikako eta Karibeko bulegoaren bidez, duela urte askotatik landu du laneko sexu-jazarpenaren gaia. Baina, batez ere, jazarpen mota horrek bereziki emakumeengan sortzen dituen ondorioak aztertuz. Mota horretako indarkeria baliatzen duten gehienak gizonak direla ikusita, eskualde mailako ikerketa bat egitea pentsatu zen (Erdialdeko Amerika eta Karibe), gizonek gai zabaldu horri buruz zein iritzi zeukaten ikusteko.

Funtsean, hauxe aztertu nahi zen: gizonen ustez laneko sexu-jazarpena zer den eta horri buruz zein iritzi daukaten, gizonei zuzendutako tresnak sortu eta martxan jartzeari begira, arazo horretan arreta jarri eta saihesteko. Bertatik bertarako lana 2011ko abendutik 2012ko maiatzera bitartean egin zen, herrialde hauetan: Costa Rica, El Salvador, Honduras, Guatemala, Nikaragua, Panama eta Dominikar Errepublika.

LANEk ikerketa horren laburpen exekutibo bat egiteko eta gizonekin esku hartzeko gida diseinatzeko eskatu zidan. Gizonek laneko sexu-jazarpenaz zeukaten pertzepzioaren inguruko ikerketa horretan lortutako datuei esker, gida gizonek berek gai honi buruz zeukaten pertzepziora egokituz diseinatu ahal izan zen. Orain arte, gizonekin laneko sexu-jazarpenaren inguruko esku-hartze gutxi egin dira edo ia batere ez. Beraz, bide ia guztia egiteke dago. Testuinguru hori kontuan izanik, gizonekin esku-hartzeko gida honen helburu orokorra hauxe zen: laneko sexu-jazarpenaren problematika konplexu horretara hurbiltzea, maskulinitateak landuz, eta batez ere, maskulinitate hegemoniko patriarkala.

Gidarako 3 helburu planteatu ziren. Lehenik eta behin, hainbat gizon talderi prestakuntza eta tresnak ematea, sektoreka, haiek, era berean, beste gizon talde batzuen hezitzaile bihur daitezela, laneko sexu-jazarpenaren eta maskulinitatearen eraikuntzak horrekin daukan loturaren inguruan. Bigarren helburua bazterkeria mota konplexu hori gizonen bidez desegiten joatea zen; izan ere, mota honetako indarkeria sexistaren oinarria maskulinitatea ulertzeko eta gauzatzeko modu jakin bat da. Eta, azkenik, hirugarren helburua gizonek beren arduraren, inplikazioaren eta konpromisoaren bidez laneko sexu-jazarpena desagerrarazten aktiboki parte hartzea bultzatzea zen. Gizonek bazterkeria mota hau desagerrarazteko beharrezkoa den aldaketaren eragile izan behar dute.

2.- Nori zuzenduta dago gida? Aplikazio zehatzen baten esperientzia praktikorik badaukazue?

Gida hau gizon langileentzat da, oro har. Gizonak dira laneko sexu-jazarpena baliatzen duten gehienak; emakumeak, berriz, pairatzen dutenak. Ondorioz, gida hau gizonentzat da. Gizonek gai honetan daukaten ardura azpimarratzen da. Bakoitzak, gizon gisa, mota horretako indarkeriarik ez baliatzeko daukan ardura, edo berau gauzatzen dutenen konplize ez izateko ardura. Bazterkeria mota hori laneko eremuetatik desagerrarazteko ardura. Azken finean, emakumeen eta gizonen artean laneko giro eta harreman duinak eraikitzeko ardura.

Baina bi sektore zehatz hauetatik hasi nahi izan zen (horregatik, gida irekia da): sindikalgintza eta sektore publikoa. Horrez gain, aurrerago, ehungintzako lantegietarako lan-modulu zehatz bat diseinatu zen. Baina oraindik ere editatu gabe dago modulu zehatz hori.

Aplikazioari dagokionez, dirudienez, gida erabiltzen hasiak dira Erdialdeko Amerikako herrialde batzuetako sindikatu batzuetan eta administrazio publiko batzuetan (2014ko prestakuntzaz geroztik); adibidez, Costa Rican, Guatemalan eta El Salvadorren. LANE bera arduratzen da aplikazio horien jarraipena egiteaz eta babesteaz. Agian, Costa Rica da gehien aplikatzen ari den herrialdea. Zantzu guztien arabera, gida baliagarria izaten ari da indarkeria konplexu hori jorratzen hasteko tresna gisa.

3.- Gidan egin duzun lanari esker, Erdialdeko Amerikako herrialdeetako egoera ezagutu ahal izan duzu. Gure errealitate hurbilenarekin alderatu behar izango bazenu, zein balorazio egingo zenuke? Badu gure hurbileneko egoeraren antzik?

Garrantzitsua da esatea gida diseinatu ondoren El Salvadorren balioztatu genuela (sindikatu batzuekin eta administrazio publikoetako hainbat gizonekin). Horrela, aldaketa batzuk egiteko eta tresna hobetzeko aukera izan genuen.

2014an, gidari buruzko zenbait prestakuntza ematen aritu nintzen El Salvadorren, Guatemalan, Hondurasen eta Costa Rican. Kasu horretan, talde batzuk zenbait konfederaziotako gizon sindikalistaz osatuta zeuden eta beste talde batzuk administrazio publiko askotako gizon langileez. Gainera, ehungintzako lantegietan lan egiten duten gizonekin esku hartzeko diseinatutako modulu zehatza ere baliozkotu genuen.

Herrialde askotan, oraindik ere gogorra da gai honen inguruko egoera. Gogortasun hori, gure gizartekoarekin alderatuz, agerikoagoa, ukigarriagoa, dela esan dezakegu. Baita laneko sexu-jazarpen egoerak bortitzagoak direla ere. Baina herrialde horietako batzuetan emakumezko eta gizonezko langileen lan-baldintzak estuagoak direlako gertatzen da (beste gauza askoren artean), eta beraz, indarkeria mota horrek azaleratzeko «erraztasun» handiagoak dauzkalako.

Halaber, testuinguru sozialekin, politikoekin, kulturalekin eta abarrekin lotutako auzi batzuek gurearengandik bereiztea eragiten dute. Baina maskulinitate hegemonikoarekin lotutako laneko sexu-jazarpen egoeren atzean ezkutatzen denak lehen begi-kolpean dirudiena baino antzekoagoak garela frogatzen du. Hau da, laneko sexu-jazarpenaren zutabe diren egiturak berdinak direla han eta hemen. Misoginia da horren adibideetako bat. Laneko sexu-jazarpena jorratzeko aztertzen ditugun errealitate guztietan, misoginia faktore funtsezkoa eta arrunta da, zoritxarrez. Kulturarekin, erlijioekin, gizartearekin, politikarekin, zuzenbidearekin eta abar lotutako auzi azalekoagoak (baina ez garrantzi txikiagokoak) aldatzen dira.

4.- Esperientzia hori ekarriko da Euskadira, Espainiako Estatura?

Diseinua batez ere Erdialdeko Amerikan eta Kariben lan egiteko pentsatuta dago, baina gairako hurbilpen bat denez, eta generoari, maskulinitateei, laneko sexu-jazarpenari eta abarri lotutako oinarrizko auziak jorratzen direnez, aplikazioa Euskadira eta Espainiako Estatura ekar daiteke. Hain zuzen ere, Laudioko Udalaren bitartez, eskualdeko sindikatuentzako prestakuntza bat antolatu zen. Prestakuntza horretan, laneko sexu-jazarpena jorratzeaz gain, gidari berari buruzko azalpenak eman ziren.

Gida erabilerraza da, eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko ezagutzak dituztenek erabil dezakete. Onena gida erabiltzeko gaikuntzaren bat izatea litzateke, baina esan dudan bezala, ez da ezinbesteko baldintza. Sinplea, erabilgarria eta ulergarria izateko diseinatuta dago. Gutxienez 20 lanordu planteatzen dira, hainbat lansaiotan banatuta eta talde bakoitzaren beharretara egokituta. Baina bakoitzaren denboraren arabera, lansaio bakoitza eta planteatutako gai bakoitza nahi beste luzatu daiteke.

5.- Alderdi horretaz gain, On:Giz elkarteko kidea zara. Konta iezaguzu: Zer da On:Giz, eta batez ere, gaur egun zein unetan zaudete?

On:Giz emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde lan egiten duen elkarte bat da. Baina maskulinitateen eraikuntzarekin zerikusia daukaten auzi guztietan arreta berezia jartzen du. Horretarako, gizon taldeei prestakuntza eta aholkularitza ematen diegu, dinamizatzen ditugu, sentsibilizazio- eta kontzientziazio-ekintzak egiten ditugu, etab.

On:Giz osatzen dugunak hainbat diziplinatakoak gara, esaterako: soziologoak, antropologoak, psikologoak, etab. Horretaz gain, ibilbide akademiko, profesional eta militante luzea daukagu berdintasunaren arloan. Gure burua prestatzeko, elikatzeko eta egunero erabiltzeko baliatzen ditugun iturriak askotariko korronte feministetatik, LGTBQI+ teorietatik, eta batez ere, maskulinitateari buruzko azterketetatik datoz.

Hasieratik, lan handia egin dugu eta egiten jarraitzen dugu. Ez dugu ahaztu behar maskulinitateen gaineko lana ez zela aspaldi hasi, eta beraz, asko dagoela egiteko. Gainera, gizonak berdintasunezko gizarte justuen eraikuntzan esku hartzera bultzatzen jarraitzeko beharra gero eta handiagoa da. Betiere, noski, emakumeak, mugimendu feministari eta beste mugimendu batzuei esker, aspalditik egiten ari diren etengabeko lanari gehitzeko asmoz.

Gizonekin egiten den berdintasunaren aldeko lanari buruzko errezelo, gaizki-ulertu batzuk daude. Gizonekin egiten den lana homogeneizatzeko joera dago, baina errealitatean gizonekin edo maskulinitateen gainean lan egiteko askotariko moduak, edukiak eta abar daude. Feminismoarekin gertatzen denaren antzekoa gertatzen da. Hau da, homogeneizatzeko joera dago, nahiz eta denok jakin mugimendu feminista askotarikoa dela eta feminismoez hitz egin behar dela, pluralean.

6.- Gizon Sarea Berdintasunaren aldeko Gizonen Elkargunea da, 2007 inguruan sortua. Zein bilakaera izan du urte hauetan? Nola ikusten dituzu berdintasunaren aldeko gizonen mugimenduak?

Euskal Herriko gizon taldeekin lan egiten ari ginenok bai taldeka bai indibidualki inplikatuta zeuden geografiako hainbat gunetako gizonak harremanetan jartzeko beharra ikustea izan zen Gizon Sarea sortzeko arrazoia. Bakartuta lan egitearen (bai taldeetan bai indibidualki) nolabaiteko sentsazioa geneukan. Horixe izan zen sortzeko arrazoi nagusia. Gainera, une haietan, gizonen artean lan koordinatu batzuk egitea egokia zela ikusi zen. Tokian tokiko errealitateetatik haratagokoak. Bi mailatako lanak. Elkargunearen barne mailan, alde batetik, adibidez gai batzuk tailerren bidez landuz; eta gizarte mailan, kanpoalderantz, beste alde batetik, sentsibilizazio-kanpainen bitartez.

Hasieratik, sare honen zailtasunetako bat aktiboki aritzea izan da. Gorabehera asko izan dira, askotariko arazoak. Une honetan, adibidez, Gizon Sarea ez dago oso indartsu, sare gisa apenas egiten duelako jarduerarik. Baina aktiboagoa izatea espero eta desio dut.

Horregatik eta beste arrazoi batzuengatik, ni neu ez nintzateke ausartuko Euskal Herrian berdintasunaren aldeko gizonen mugimendu bat dagoela esatera. Horretarako, gutxienez, antolaketa eta koordinazio maila handiagoak beharko lirateke gizonen eta taldeen aldetik, baita berdintasunaren aldeko bide honetan daukagun kokapenari eta mugimendu gisa ezar ditzakegun estrategia posibleei buruzko hausnarketa ere. Zeregin hori, adibidez, mugimendu feministak egin du eta egiten jarraitzen du, baina Euskal Herriko gizonek, kolektibo gisa, apenas egin dugu. Agian, aurre-mugimendu batean gaudela esan dezakegu, mugimendu gisa elkartzeko oinarriak sortzen ari diren egoera batean.

7.- 2013 eta 2014 bitartean, «Feminismoak eta gizonak bidegurutzean» ekimena jarri duzue martxan, berdintasunaren alde lan egiten duten kolektiboei harremanetan jartzen laguntzeko: kolektiboetako eta erakunde publikoetako feministak, eta berdintasunaren aldeko gizonak, horiek ere kolektiboetakoak eta instituzioetakoak. Zein balantze egiten duzu? Non daude, orain, erronkak?

Orokorrean, balantzea oso positiboa izan da. Gainera, topaketa hauen antolaketan eta garapenean parte-hartze handia izan nuen. Jardunaldi horien helburuak oso xumeak ziren, eta horietako bat zen esparru honetan lan egiten dugun eta militatzen dugun gizonok non gauden ikusteko argazki bat ateratzea, mugimendu feministan eta askotariko arloetan parte hartzen duten emakumeekin batera. Argazki hori ikusteko gai izan ginela uste dut.

Orain arte egin gabeko ariketa bat zen eta hutsune horrek, agian, haserre batzuk, gaizki-ulertzeak eta abar sortu zituen, baina horietako batzuen abiapuntua elkar ez ezagutzea zela ikusi genuen eta gai hauei buruz hitz egiteko eta gogoeta egiteko espaziorik eduki ez izana. Espazio hau edukitze hutsa, berez, aurrerapauso handi bat izan zen.

Horrez gain, topaketetan erronka asko agertu ziren. Baina, agian, gai zehatz batzuetan elkarrekin lan egiteko aukera ikusi izana nabarmenduko nuke. Auzi hauetan, adibidez: indarkeria sexista, LGTBQI+ fobiak eta zaintzen gaia.

Hau da, elkarlana zein esparrutan izango litzatekeen mesedegarria identifikatzen hasi ginen. Nahiz eta eztabaida batzuk zintzilik geratu, esaterako, gizonak non kokatzen garen: feminismoetan, espazio paraleloetan, edo eta abar. Nire ustez, eztabaidatzen jarraitu beharko dugu, eta ahal bada, elkarrekin.

8.- Bukatzeko, zer balorazio egiten duzu Gizonduzi buruz, gizonak berdintasunaren alde inplikatzeko bide honi dagokionez? Iradokizunik?

Gizonduz programa nahiko gertutik ezagutzeko zortea izan dut; izan ere, duela urte batzuetatik, eskaintzen dituen aurrez aurreko eta online prestakuntzetako batzuk ematen ditut. Administrazio publiko batek, kasu honetan Eusko Jaurlaritzak, bultzatutako programa bat izatea oso positiboa iruditzen zait. Maskulinitateekin lotutako askotariko gaiei buruzko prestakuntzan oinarritutako programa bat daukan Estatuko ekimen bakarretakoa da.

Nire ustez, gainera, denborarekin, beharretara egokitzen joan da. Baina kasu batzuetan egokitzapen hori ez da oso positiboa izan, programarekin zerikusia ez zeukaten auzi batzuek behartuta egin direlako (adibidez, aurrekontuak). Jarraipena edukitzea programak eraginkorragoak izateko baldintza oso garrantzitsua da, eta Gizonduzek mantentzea lortu du, gobernuen aldaketa politikoak eta murrizketak alde batera utzita, baita jasotako kritikak ere.

Hori esanda, dena hobetu daiteke, eta jakina, programa honen alderdi batzuk ere hobetu egin behar dira; adibidez: iraupena dela-eta eragin handiagoa izateko nahikoak ez diren prestakuntza batzuk. Baina esan dudan bezala, programek jarraipena izateak, beste gorabehera batzuk alde batera utzita, auzi horiek hobetzen joatea ahalbidetzen du. Ez dugu ahaztu behar berdintasunezko gizarte zuzenak eta justuak eraikitzea epe ertain edo luzeko prozesuak direla. Eta horretarako, emakumeak eta gizonak inplikatu behar dira, gutxieneko jarraipen bat ahalbidetuko duten tresnen bitartez.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión /  Cambiar )

Google photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google. Cerrar sesión /  Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión /  Cambiar )

Conectando a %s